Bilbao International Logo

23/07/2014

Partekatu:

  • Facebook
  • Twitter
  • Delicious
  • Google Bookmarks
  • Yahoo Bookmarks
  • Menéame
  • E-mail

BIA Urban Regeneration Forum biltzar zientifikoan Mexiko izango da herrialde gonbidatua

Bilbon irailaren 24tik 26ra bitartean, “BIA Urban Regeneration Forum” delakoari atxikita eta 300 aditu ingururen partaidetzaz antolatuko den nazioarteko biltzar zientifikoaren lehenengo edizioan, Mexiko izango da herrialde gonbidatua. Hango profesional ospetsuak eta enpresa eta administrazioen ordezkariak Bizkaiko hiriburuan izango dira, garapen bidean dagoen herrialde haren gaur egungo egoera eta lankidetza-aukerak ezagutzera emateko.

Tatiana Bilbao, Miguel Robles-Duran, Felipe Leal eta Fernanda Canales gisako profesionalen presentziak arkitektura mexikarraren errealitatea bistaratzen eta garapen bidean dagoen herrialde harekiko lotura kultural eta enpresarial berriak zabaltzen lagunduko du.

Urban Regeneration Forum Bilbao delakoarekin batera, Mexiko – Bilbo/Bizkaia Topaketa ere egingo da, hainbat hitzaldi eta gertaera bilduz. Mexikoko arkitektoen elkargoetako, enpresetako eta tokiko administrazioko ordezkariek sektoreak herrialde hartako duen egoera eta bilakaeraren berri eman eta lankidetza-aukerak, enpresa-ekimenak eta abar emango dituzte ezagutzera. Topaketa irailaren 24an egingo da, Iberdrola Dorreko Ekitaldi Aretoan.

2015ean, topaketa Mexikon

Era berean, 2014ko Urban Regeneration Forum Bilbao-ren esperientzia ezagutzera emateko, 2015ean, pareko topaketa bat egingo da Mexiko Hirian. Euskadiko ordezkaritza batek hainbat txosten aurkeztuko ditu, 2014ko foroko konturik bereizgarrienak azaldu eta Bilbo-Bizkaiko arkitekturaren eta honen sektorearen inguruko ikuspegi globala eskaintzeko asmoz.

BIA Urban Regeneration Forum Bilbaok malgutasuna sustatuko duten proposamenak biltzeko topagunea eskaini nahi du, sormenezko loturak ahalbidetzeko asmoz. Hirigintzarekin zerikusia duten eragile guztien arteko elkarrizketa erraztu nahi du, birsorkuntzaren gakoak partekatzeko eta baliabideen erabilera egokia eta hirigintza arloko programazioan, diseinuan, eraikuntzan, kudeaketan eta mantentze-lanetan berrikuntza sustatzeko asmoz, betiere oreka iraunkorra lortzeko helburuari begira.

Hasierako edizio honetan, Urban Regeneration Forum Bilbao topaketak hiri bizi, habitagarri, erakargarri eta oparoa lortzeko moduak izango ditu ardatz, hirigintza, arkitektura eta iraunkortasuna zeharkako diziplinatzat hartuz. Giza-neurriko hiri adimendunak, oinezko esparru bihur daitezkeenak eta energetikoki irankorrak direnak; horra hor, hiriak hobetzeko moduei buruzko astebeteko hausnarketa honetan gogoan erabiliko diren gaiak, hiri-birsorkuntzan trebatutako mundu osoko adituen partaidetzaz.

Mexikoren Bilboko ordezkaritza

Tatiana Bilbaok Unibertsitate Iberoamerikarrean ikasi zuen. 2004an Tatiana Bilbao S.C. sortu zuen, eta gaur egun hainbat proiektu abian ditu Txinan, Europan eta Mexikon. Honako sari hauek jaso ditu, besteak beste: Architectural Record aldizkariaren Design Vanguard (2007); Mexikoko Arkitekto Gazte Onenarentzako Saria (2011); Akademie der Künste delakoaren Kunstpreis Berlin saria  (2012); Arkitektura Iraunkorraren Munduko Saria (2014). 2009an New York-eko Architectural League-ko Emerging Voice izendatu zuten, eta 2010ean, bere proiektuetako hiru Pariseko Georges Pompidou Zentroko Arkitektura Bildumako ondarerako erreserbatu ziren.

Miguel Robles-Duran hirigileak New York-eko New School Parsons-eko Hiri-Ekologien Programa zuzentzen du. Genevan (Suitza) lantzen den Civic City diseinu eta ikerketaren arloko graduondoko programako kide seniorra da. Nazioarteko esperientzia zabala du diziplina arteko hiri-proiektuen definizio eta koordinazio teknikoari dagokionez.

Felipe Lealek Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoan ikasi zuen, eta bertan Ikerkuntza eta Irakaskuntza arloko maisutza egin ondoren, Arkitektura karrerako zuzendari izendatu zuten. Kultura, hezkuntza eta etxe barruko esparruen arteko fusioa da Arkitektura arloan egin duen lanaren ezaugarri nagusia. Bere sorkuntza lanen artean, Garcia Marquez Estudioa, Rossi Etxea eta Puma Denda nabarmen daitezke, besteak beste. Irakaskuntza arloan, irakasle gonbidatua izan da Harvard eta Columbiako unibertsitateetan eta Latinoamerika, Frantzia, Espainia eta Italiako unibertsitate nagusietan.

Fernanda Canalesek MAGETen egin zuen Arkitekturako Doktoregoa. Mexikoko Errepublikako Arkitektoen Elkargoen Federazioaren saria jaso zuen bere ibilbideagatik, eta CAM SAMek Arkitekto Gazteentzako saria eman zion 2012an. Bere lana Veneziako Bienalean izan da ikusgai (2012), baita Sao Paulo (2011), Venezia (2006), Rotterdam (2005) eta Sao Pauloko (2005) Arkitektura Biurtekoetan ere. Aurkitekturari buruzko zenbait libururen egilekidea da, eta Unibertsitate Iberoamerikarreko irakaslea izan da. Bere lanak golardo ugari lortu ditu, Cemex Saria eta Arkitektoen Elkargoaren Biurtekoarena tarteko.