Bilbao International Logo

14/07/2014

Partekatu:

  • Facebook
  • Twitter
  • Delicious
  • Google Bookmarks
  • Yahoo Bookmarks
  • Menéame
  • E-mail

Concurso de Ideas Internacional BIA Urban Regeneration Forum “Trinchera de Cantalojas”en Bilbao

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Bizkaiko Ordezkaritzak arkitektura eta hirigintza dinamizatzeko sortu duen BIA (Bilbao Bizkaia Architecture) ekimenak, Cantalojasen Abandoko geltokiranzko trenbideak lurperatzea xede duen nazioarteko ideia-lehiaketa deitu duela iragarri du. Bilboko hiri-birsorkuntzan laguntzea da, arkitekturako ikasle eta tituludunei zuzendutako lehiaketa honen lehen edizioaren helburua.

Lehiaketa honen bitartez, Bilboko erdialdean kokatuta dauden trenbideak lurperatzeko proiektuak bildu nahi dira. Jarduketa horrek 21.500 metro koadro inguruko eremuari eragingo lioke, Cantalojaseko zubitik eta Fleming Doktorearen plazatik Xenpelar eta Juan de Garay kaleen arteko bidegurutzeraino. Eremu honetan, Abando, San Frantzisco, Zabala eta Iralabarri auzoek bat egiten dute. Trenbideek betetzen duten lubakia inguruko auzoen garapena eta auzokideen mugikortasuna eragotzi dituen oztopo fisikoa izan da historikoki.

Aukera estrategikoa

Cantalojaseko lubakiak Bilboko zenbait auzoren arteko mugaldean kokatutako esparruaren hiri-birsorkuntzarako aukera estrategikoa eskaintzen du. BIA Urban Regeneration Forum-ek hirigintza gizarte-birsorkuntzaren eragiletzat erabiltzen dituzten proposamenak bilatzen ditu. Helburua, eremuaren nortasuna berreskuratu eta bertako osagai historikoak –meatzaritzarekin eta trenbidearekin lotutakoak– balioztatzea da, interes-gune berriak sortuz eta inguruneko mugikortasuna eta funtzionaltasuna optimizatuz, herritarren arteko topagune eta harreman-esparruen laguntzaz.

Errealitate sozioekonomiko eta kultural desberdinak dituzten auzo arras heterogeneoen arteko bidegurutzea den aldetik, eta bertako “hiri-etenak” auzo horien arteko hartu-eman naturalak eragotzi dituen heinean, testuinguru sozial konplexuko eremua da. Ez da kohesio sozialik izan auzo horien artean. Eremu honetan, era askotako hiri-osagaiak daude, hala nola, adinekoen bi egoitza, bi ikastetxe, UPV/EHUko ikasleen egoitza bat, eliza bat eta meskita bat, baita interes handiko arkitektura-osagaiak ere: eliza bera, Zabalako “Trenbideetako Langileen Etxeak”, Zabalburuko aldiriko tren-geltokia edota Joaquin Lucarini eta Manuel Valdes-en eskulturez apainduta dagoen Fleming Doktorearen Plaza.

Lehiaketa irekia da, inskripzio-kuotarik gabekoa eta anonimoa, eta ikasleei eta lizentziatura gehienez duela bost urte egin duten arkitekto gazteei zuzenduta dago. Proposamenak aurkezteko epea irailaren 7a arte egongo da zabalik, eta lehiaketara banaka edo taldeka aurkeztu ahal izango dira, badin eta taldeko kide guztiak ikasleak edota tituludun berriak badira.

Lehiaketa hau BIA (Bilbao Bizkaia Architecture) deritzon ekimenaren barruan antolatu da. Ekimen honen lehendabiziko ekintza, Bizkaiko hiriburuan egitekoa den “Urban Regeneration Forum” delako topaketaren lehen edizioa izango da. Astebetez, era askotako jarduerak antolatuko dira, eta amaitzeko, arkitektura eta hirigintza arloetako nazioarteko 300 aditu inguru bilduko dituen biltzar zientifikoa egingo da.

Cantalojasen trenbideak lurperatzeko lehiaketa foroko tematikari atxikita dagoenez gero, Epaimahaiak 10 proposamenik bikainenak eta berezgarrienak aukeratuko ditu, Bilbon antolatuko den BIA Biltzarrean jendaurrean ikusteko moduan izan daitezen. Erakusketa-gunea foroko jarduerekin lotutako ikuspen handiko esparrua izango da, eta herritarrek gustukoenaren alde boto emateko aukera izango dute. Era berean, internautek, biaforum.org webgunearen bitartez, proposamen guztiak ezagutu eta gogoena hautatzeko aukera izango dute. Bozketa horien bidez erabakiko da BIA Sarea Saria.

Bestalde, BIAko epaimahaiak 3.000 euroko lehen saria eta 500na euroko bi akzesit banatuko ditu. BIAko epaimahaiko kideen zerrenda lehiaketaren webgunean argitaratuko da, behin-betiko osaketa zehaztu bezain laster. Zortzi kide izango ditu gutxienez, horietako zazpi arkitektoak izango dira, eta bertan administrazioa, irakaskuntza, kolektibo profesionala eta auzoko elkarte-sarea bertan ordezkatuta egongo dira.


Argibide gehiago nahi baduzu, sartu ESTEKA HONETARA

BIAri buruz
Joan den udazkenean, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Bizkaiko Ordezkaritzak bere profesionalei erakuslehio-lana egingo dien plataforma baten sorrera sustatu zuen. Proiektuaren filosofia, Bilboko eta Bizkaiko eraldaketa eta espiritu ekintzailea eta hauen nazioarteko dimentsioa eraikuntza sektore estrategikoarekin lotu eta horren inguruko zerbitzu profesionaletan diharduen bertako enpresa-ehunaren kalitatea erakustea da.

Ideia lanbidearen erronkei erantzuteko asmoz abiarazi da, nazioartekotzea, trukea eta hiritarren partaidetza bezalako kontzeptuetan oinarrituta. Horren haritik, ekimena BIA (Bilbao Bizkaia Architecture) siglekin bataiatu da, eta aurrerantzean sustatuko dituen ekintzen artean, lehendabizikoa, irailean Bizkaiko hiriburuan antolatuko den “Urban Regeneration Forum” delakoaren lehen edizioa izango da. Jardueraz betetako astea izango da, eta horren buruan, nazioarteko 300 aditu inguru erakarriko dituen biltzar zientifikoa egingo da.