Bilbao International Logo

03/03/2015

Partekatu:

  • Facebook
  • Twitter
  • Delicious
  • Google Bookmarks
  • Yahoo Bookmarks
  • Menéame
  • E-mail

La oferta turística de Bilbao-Bizkaia estará presente por segundo año consecutivo en la ITB de Berlín

Bilboko eta Bizkaiko turismo eskaintza bigarren urtez jarraian erakutsiko da Berlingo ITB azokan. Bihar, hilak 4, hasi eta igandean, hilak 8, amaituko da azoka hori Alemaniako hiriburuan. Sustapen ekintza horren bitartez Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak indartu egingo dute Europako eta munduko merkatuan duten lekua, nazioarteko turismoaren hazkundea sendotu dadin Bizkaiko lurraldean, eta, gainera, Eusko Jaurlaritzarekin koordinaturik parte hartuko dute, “Euskadi-Basque Country” irudia ere sustatu ahal izateko.

Berlinen batuko dira, beraz, jomuga, bidaia-agentzia handizkari, erreserba-sistema, aire-konpainia, hotel eta era guztietako hornitzaile nagusiak, alde batetik bisitariei opor-eskaintza zehatz bat egiteko eta, bestetik, azoka handi horretan enpresa sektore profesionala sustatzeko. Horixe da, hain zuzen ere, Alemaniako azokaren bereizgarri nagusietako bat.

Berlingo ITB azoka, beraz, aukera bikaina da bai turista partikularrak bai sektoreko enpresak erakartzeko eta gero eta atzerritar gehiago hartzeko helbururantz aurrera egiteko. Hain zuzen ere atzerriko merkatu igorleek eutsi diote turismoaren hazkundeari Bilbon eta Bizkaian azken hamar urteetan. Gure lurraldean hartu ditugun bisitari atzerritarren sarrerek %117,5 egin dute gora epe horretan, eta emandako gauen kopuruak, berriz, %97,4.

Alemaniako merkatuaren kasuan, Erdialdeko Europako herrialde horretatik datozen turistak gure lurraldeak hartzen dituen bisitari atzerritar guztien %10,36 dira. Bilbo eta Bizkaia helmuga dituen nazioarteko bigarren merkatu igorlea osatzen dute.

Stand bat arte-galeria bihurtuta

Bilbok eta Bizkaiak lekua izango dute turismoaren nazioarteko liderra den azoka monografiko garrantzitsu horretan. Oso stand indartsua edukiko dute, bere eskultura formarekin eta izaera nabarmenarekin. Erakargarri turistiko nagusiak sormenezko obra handi gisa aurkeztuko dira bertan, arte-galeria baten barruan, euretariko batzuk pantaila dinamikoen bitartez eta beste batzuk oihal handien gisara.

Argiztapen nabarmenki puntual eta eszenografikoak azpimarratu egingo du stand-aren izaera piktoriko eta berezia. Ez dira faltako nortasun ukituak, hala nola margotutako ikurriña edo harizki zaharrez egindako zorua.

Stand-eko osagai berezia eta erreferentziazkoa izango da, besteak beste, lore liofilizatuz egindako Puppy-ren irudia, 2,05 metro garai.

Gune horretan aurkeztuko diren gaien eta baliabideen multzoak, Eusko Jaurlaritzarekin koordinazio instituzionala egongo denez “Euskadi-Basque Country” delakoa ere sustatzeko, bai Bizkaiko bai Arabako eta Gipuzkoako erakargarri turistikoak hartuko ditu barruan. Hala, bada, stand-eko irudietan ageriko dira Kontxako hondartza, Gasteizko harresien argazkia eta Guggenheim museoaren irudia Red Bull-en jauzi-lehiaketan, hiru hiriburuen erakusgarri gisa. Horretaz gainera, sei koadro artistiko jarriko dira, Euskadiko beste horrenbeste turismo-baliabideren erakusgarri, lurralde bakoitzeko bi: Bizkaia Zubia eta Gernikako Arbola, Haizearen Orrazia eta Konstituzio Plaza, Gasteizko Jazzaldia eta Marqués del Riscal upategia.

stand Bilbao-Bizkaia-Euskadi ITB berlin

Azkenik, lan eremu bat eta sektoreko enpresekin bilerak egiteko sei mahai atonduko dira stand-ean.

Berlingo ITB azoka, nazioarteko erreferente

Berlingo ITB azoka erreferentziazko hitzordu gisa sendotu da nazioarteko turismoaren esparruan. Orain arteko azken edizioan, iazkoan, 189 herrialdetako 10.147 erakuslek euren produktu eta zerbitzuak jarri zituzten jendaurrean, 170.000 bisitariren aurrean hain zuzen. Horietariko gehienak (114.000) sektoreko profesionalak ziren.

Kopuru horiek %4ko gehikuntza ekarri zuten bisitari profesionalei eta merkataritza eragiketei zegokienez; azken horiek, Messe Berlin-en arabera, 6,5 bat milioi eurokoak izan ziren.

Gainera, ia 60.000 bisitari ez-profesional informazio eskaintza zabalaz baliatu ziren euren oporrak antolatzeko, zeren eta, azokara hurbildu ziren pertsonei egindako inkesta independente batek frogatzen duenez, pertsona horien ia erdiek asmo sendoa baitzuten euren erreserbak azoka horretan egiteko. Izan ere, Berlingo ITB azokaren antolatzaileek emandako zifrei erreparatuta, enpresa erakusleen ia heren batek turismo produktuak saldu zizkion azken kontsumitzaileei, eta bisitariek iaz batez beste 2.000 euro gastatu zituzten bidaia bakoitzeko.