Bilbao International Logo

16/09/2015

Partekatu:

  • Facebook
  • Twitter
  • Delicious
  • Google Bookmarks
  • Yahoo Bookmarks
  • Menéame
  • E-mail

Bilboko Alkateak BUILD Foroko adituak ideietatik ekintzetara pasatzeko animatu ditu

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak harrera egin die gaur arratsaldean hilaren 16tik 19ra BUILD (Bilbao Urban Innovation and Leadership Dialogues) Foroaren bigarren edizioan parte hartzen ari direnei. Parte-hartzaileek hiriak aldatzeko politika berritzaileei buruz dauzkaten ezagutzak partekatuko dituzte. Buruzagien eta adituen topaketa da eta bigarren urtez jarraian egiten da Bilbon, Udalak eta Estatu Batuetako German Marshall Fund (GMF) erakundeak antolatuta.

Guztira, Estatu Batuetako eta Europako ehundik gora profesional dira, adibidez Antonio Villaraigosa, Los Ángeles hiriko alkatea izan zena 2005etik 2013ra, eta Barry Lowenkron, GMF erakundeko presidenteordea, besteak beste.

Lehenik eta behin, Juan Mari Aburtok eskerrak eman dio GMF fundazioari Bilborekin daukan konpromisoa eta aintzatespenagatik. Izan ere, iazko arrakastaren ondoren, “ekitaldi garrantzitsu hau ekarri du eta hirigintzaren arloko politikekin eta lidergoarekin lotutako zenbait gai lantzeko aukera izango dugu”.

Ildo horretatik, BUILD 2015 foroan parte hartzen ari direnak honela animatu ditu: “eman beste urrats bat eta zoazte ideietatik ekintzetara, aurreko edizioan landutako edukietan sakonduz eta horiei jarraipena emanez. Jardunbide egokiak eta kasu arrakastatsuak aztertuz, tresna berriak, ikuspegi eta irtenbide berritzaileak bilatuko ditugu Atlantikoaren alde bietan dauzkagun desafio komunetarako”.

Bilbo eredua da

Alkateak esan du Bilbo eredu ona dela desafio berriei ikuspegi berritzaile batetik aurre egiteko ikusteko. “Gure uriak ‘arazoak’ ‘aukera’ bihurtzeko gai izan da. 80ko hamarkadako aro industrialaren beherakadaren ondorioz, aldatzeko beharrizana izan zen gure gidari metropoli postindustrial berri bat izateko. Izan ere, Bilbok bere iragan industrialaren aldaketan oinarritu du aldaketa, hirugarren sektorean oinarritutako ekonomia izateko. Duela 30 urte, industria gure ekonomiaren % 49 zen eta zerbitzuak % 36 baino ez. Egoera hori goitik behera aldatu da. Gaur egun, zerbitzuak uriko ekonomiaren % 62 dira eta industria % 27; hala ere, oraindik sortzen du balio erantsi altua. Eraldaketa hori posible izan da gorantz datozen sektoreen laguntzarekin, maila altua daukatelako ikerketan, garapenean eta berrikuntzan (I+G+B).”

Juan Mari Aburtoren ustez, Bilboko hiri eraldaketaren arrakasta ikuspegi holistiko eta integral bati zor zaio neurri handi batean, eraldaketa ekonomikoa, soziala eta fisikoa lortzeko. Azken 30 urteotan alderdi hauetan jarri da arreta: ingurumena eraberritzea; kultura erabiltzea, internazionalizazioa eta diseinua; azpiegiturak hobetzea; gune historikoak berreskuratzea. Horrela lortu da uria gaztetzea. “Oso adierazgarria da – esan du – uria gai izan dela inbertsioa eta azpiegiturak integrazio sozialarekin uztartzeko.”

Gainera, adierazi du gure lurraldearen aldaketaren funtsezko beste elementu batzuk izan direla lidergo politikoa, alderdi publiko eta pribatuaren arteko lankidetza eta tresna adimendunen garapena.

Proiektu berriak Bilborako

Datozen urteotan, Bilbok proiektu berriak garatzen jarraituko du; hain zuzen, ere, krisi ekonomiko eta finantzarioaren ondorioak gorabehera, administrazioa modernizatzen eta optimizatzen ari da eta “uri hau munduko erreferentea da hirigintzako irtenbideetan eta kudeaketa publikoan”.

Beste desafio batzuen artean, Juan Mari Aburtok hauek aipatu ditu: enplegua sortzea eta suspertze ekonomikoa, gutxiagorekin gehiago egin ahal izatea udal administrazioa optimizatzen eta hobetzen buru-belarri lan eginez, baliabideak eta eskumenak ondo kudeatzea gobernu onaren hastapenak erabiliz, eta sare ekonomiko eta sozial berria sortzea urian, sormena, berrikuntza eta teknologia berriak oinarritzat hartuta.