Bilbao International Logo

30/12/2015

Partekatu:

  • Facebook
  • Twitter
  • Delicious
  • Google Bookmarks
  • Yahoo Bookmarks
  • Menéame
  • E-mail

Bilboko Alkateak Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburua babestu du

Egun gutxi falta dira Donostiaren Europako Kultur Hiriburutzaren urteari hasiera emateko. Horren harira, DSS2016EUko zuzendari nagusi Pablo Berásteguik eta Donostia 2016ko kultur programaren zuzendari Xabier Payak programa ofiziala aurkeztu dute Azkuna Zentroko Kulturen Atrioan. Han izan dira, baita ere, Donostiako alkate Eneko Goia eta Bilbokoa, Juan Mari Aburto.

Aburtok esan du Bizkaiko hiriburuak babes osoa ematen diola Berásteguik zuzendutako proiektuari. Halaber, adierazi du guztiz ziur dagoela Donostia 2016k arrakasta izango duela. Horrez gain, DSS2016EUko arduradunei eskerrak eman dizkie bertaratzeagatik eta ekitaldi ireki baten bitartez herritarrei programaren berri emateagatik.

Gipuzkoako hiriburuko alkateak, bestalde, nabarmendu du proiektuak berebiziko garrantzia duela lurraldeko herritarren artean batasuna eta elkarbizitza sustatzeko. Eneko Goiak nabarmendu du Donostia 2016 ez dela “hiriaren proiektua bakarrik; herrialde osoarena baizik. Donostiaren eta Euskadiren irudia mundu osora zabaltzeko lanetan Bilbo gurekin egotea nahi dugu, gaur hemen dagoen moduan”.

Honako hau Bilbon egiten den proiektuaren bigarren aurkezpen-ekitaldia da. Ekitaldi hau DSS2016EUk azken hilabeteetan egin dituen aurkezpen-saioetako bat da. Saio horiek iragan urrian Tabakaleran programa ofiziala aurkeztu ondoren abiatu ziren.

Proiektuaren arduradunek programaren zertzelada nagusiak azaldu dituzte, eta datorren urtean herritarren gozamenerako antolatu diren ia ehun proiektuetatik 12 azpimarratu dituzte. Horietako batzuk dira Uda-gau bateko ametsa, Bake-ituna, Emusik eta Time Machine Soup. Berásteguik herritarrei dei egin die Donostia bisita dezaten eta programa osatzen duten askotariko jarduerez goza dezaten. Payak, berriz, nabarmendu du proiektua Gipuzkoako hiriburuaren mugetatik haratago doala, Europa osora hedatzen baita. Hala, jarduera batzuk Bizkaian egingo dira, besteak beste hauek: Gaur Konstelazioak (Bilboko Arte Ederren Museoan) eta Bake-ituna, 1937. Gernikari buruz. Guerra eta civitas-a (museo berean). Horrez gain, 2016 Bidea ibilbideak EAE, Nafarroa eta Iparraldea zeharkatuko ditu.

Inaugurazio-astea urtarrilaren 20an hasiko bada ere, bi egun barru Donostiak, Poloniako Wroclaw hiriarekin batera, 2016ko Europako Kultur Hiriburutza eskuratuko du.