Bilbao International Logo

03/03/2014

Partekatu:

  • Facebook
  • Twitter
  • Delicious
  • Google Bookmarks
  • Yahoo Bookmarks
  • Menéame
  • E-mail

La Diputación de Bizkaia y Ayuntamiento de Bilbao llevarán su oferta turística a la ITB de Berlín

Bilbao-Bizkaiaren eskaintza turistikoa ikusgai egongo da Berlingo 2014 ITB azokan, martxoaren 5etik 9ra. Promozio-ekintza honen bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak Europako eta Munduko merkatuan duten presentzia indartuko dute. Bi erakundeek, turismoaren nazioarteko industriaren azoka monografiko liderraren indarraz jabeturik, askotariko eskaintza ezagutaraziko dute, joera berriekin bat eginez: kultura eta tradizioak; gastronomia eta enoturismoa; itsasoa eta natura.

Berlinen batuko dira, beraz, jomuga, touroperadore, erreserba-sistema, aire-konpainia, hotel eta hornitzaile nagusiak, alde batetik bisitariei opor-eskaintza zehatz bat egiteko, eta, bestetik, merkatu izugarri bat erakusteko, sektore profesionala eta enpresariala sustatze aldera. Horixe da, hain zuzen ere, Alemaniako azokaren bereizgarrietako bat. Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilbo Udala Berlingo ITBn egongo dira, sektoreko profesionalei joera, negozio eta merkatu berriak ezagutzeko aukera ematen dien azoka paregabe honetan. Halaxe adierazi dute gaur goizean, prentsaurrekoan, Gabino Martínez de Arenaza Bizkaiko Foru Aldundiko Turismorako eta Kanpo Sustapenerako zuzendari nagusiak eta Mercedes Rodríguez Bilbao Turismoko zuzendariak.

“Avant-garde” estiloko standa

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak stand ireki eta ikusgarri bat eramango dute Berlinera, bi kokapen nabarmenduko direlarik: Guggenheim Bilbao Museoa eta Pozalagua kobazuloa. Horrez gain, naturaren, enogastronomiaren eta hiriko turismoaren gaineko erreferentziak egongo dira non-nahi.

Diseinu berezia, nortasun handikoa, formetan erradikala, haritz egurra bezalako material nobleak erabiltzen dituena, eta gainazalaren diseinuaren eta distiraren bidez gardentzen dena. Beste elementu batzuk ere izango ditu, besteak beste, bezeroari arreta emateko erakusmahaia, bi altueratan, pantaila handi bat, ekipo teknikoak, aldizkarien gunea, mahai eta aulkidun gunea eta bilera-aretoa. Standak FIBA 2014 Munduko Saskibaloi Kopako talde-fasearen ospakizunari buruzko atal nabarmen bat ere izango du.

Stand

Nazioarteko merkatua, Bilbao-Bizkaiarentzat erronka handia

Bilbao-Bizkaiak 2013an marka historikoa hautsi du atzerriko turistei dagokienez, zehazki, % 36koa izan baita, 411.641 sarrerarekin. Azken hamar urteetan % 119ko igoera egon da eta horrek agerian uzten du turisten tipologian egondako joeraaldaketa, bi erakundeek aurreko urteetan ere sumatzen zutena. Frantziatik datozenak gailentzen dira, % 13,7 igo baitira, eta ondoren Ameriketako Estatu Batuetatik eta

Portugaletik datozenak, % 4,8 eta % 4,1 igo direnak, hurrenez hurren.

Kopuru handiko azoka

Berlingo ITB aurtengo martxoaren 5etik 9ra ospatuko da. Lehen hiru egunak sektore profesionalentzat soilik dira eta azken bietan azokak bere ateak irekiko ditu bertaratu nahi duen pertsona ororentzat. 2013an 170.000 bisitari (113.000 profesional) bertaratu ziren eta 180 herrialdeko 11.000 erakusmahai egon ziren. Sektoreko estamentu guztiak hurbildu ziren: erakundeak, operadoreak, erreserbak, agentziak, harrerak, aire-konpainiak, hotelak, ibilgailuak eta teknologia berriak. ITBn ohikoa da erakusketan parte hartu nahi duten jomuga turistikoen itxarote-zerrendak egotea, eta, sustatzaileek jakinarazi dutenez, 2014an areagotu egin dira eskabideak eta standen tamaina. Ondorioz, munduko merkatua berreskuratzen ari dela interpretatu daiteke.

Bizkaiko sektore turistikoarekiko topaketa

Prentsaurrekoaren ostean Bizkaiko sektore turistikoarekiko urteko topaketa egin da, eta, bertan, 2013. urteko datuak eta 2014rako aurreikusitako ekintzen aurrerapena azaldu dira. Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko diputatua lan-bilera honetara batu da, Gabino Martínez de Arenaza eta Mercedes Rodríguezekin batera.

Bilera horretan, oporraldirako Bilbao-Bizkaia aukeratzen duen turistaren profila ezagutarazi da: batez besteko adina 39 urte eta gehiengoentzat (% 81,7) Bizkaira datozen lehen aldia. % 55,1 hegazkinez iritsi da eta % 35,3 ibilgailu partikularrean. 10 turistatik ia lau bikotean etorri dira eta % 29,2 familian. Gehienak (% 67,8) hotelean geratzen dira, batez beste hiru egun eta erdi. Bizkaiari buruzko informazioa aurkitzeko internet erabili zutenen artean (% 60,1) 10etik 9k aitortzen du bide hori erabili duela bere egonaldirako zerbitzuren bat kontratatzeko. % 93,2ren ustez turismo kulturala da interes handiena pizten duen jarduera eta, ondoren, turismo gastronomikoa, % 59,3rentzat interesgarria dena. Bizkaian emandako egonaldiaren batez besteko balorazioa 10etik 8,35 puntukoa da.