Bilbao International Logo

30/10/2015

Partekatu:

  • Facebook
  • Twitter
  • Delicious
  • Google Bookmarks
  • Yahoo Bookmarks
  • Menéame
  • E-mail

Udalak eta Aldundiak Bilbao Bizkaia Film Commission zerbitzua aurkezten dute, filmatzeak kudeatu eta erakartzeko etorkizunerako apustu estrategikoa

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbao Bizkaia Film Commission aurkeztu dute gaur jendaurrean, ikus-entzunezko produktuen, film luzeen, animazioen, film laburren, dokumentalen, sailen, iragarkien eta erreportajeen grabazioak kudeatzeko, sustatzeko eta erakartzeko zerbitzua. Hala, hiriak eta lurraldeak indarrak batu dituzte etorkizuna duen baliozko estrategia partekatu honetan. Estrategia horrek bere alde ditu inbertsiorako politika fiskal onuragarri bat, kokalekuen mapa oso bat eta jardunbideak, esperientziak eta ospeak bermatutako giza talde batek eta abangoardiako baliabide teknikoek osatutako eskaintza integrala.

Hazten ari den eta jarduera eta lana sortzeko gaitasuna duen sektore batek eskaintzen dituen aukeren jakitun, otsailaren 13an, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten, Udaleko Kultura Sailaren eta BEAZ eta Bilbao Ekintza sozietate publikoen bitartez. Horren arabera, Bilbao Film Commissionek, 2006an sortutako zerbitzuak, Bilbao Bizkaia Film Commission izaera hartu du. Erabaki horrek lehentasunezko bi erronka hauei erantzuten die: alde batetik, hiria eta lurraldea ikus-entzunezko ekoizpenen lehentasunezko helmuga gisa finkatzea eta, bestetik, sustatzaileei konpromiso instituzionala, segurtasun juridikoa, konfiantzazko kudeaketa eta arreta pertsonalizatua bermatzea.

Ehuneko hogeita hamarreko kenkari fiskala

Ikus-entzunezko arloaren jarduera sustatzeko asmoarekin, 2013ko abenduan, Bizkaiko Foru Aldundiak ekoizpen kostuen ehuneko hogeita hamarreko kenkaria onetsi zuen Sozietateen gaineko Zergan. Inbertsio zinematografikoak eta bestelako ekoizpenak eta grabazioak bultzatzea zen asmoa, eta aldi berean hiria eta lurraldea filmatzeetarako agertoki gisa sustatzea. Zerga pizgarri horrek Europako Batzordearen bermea du, eta Bilbora eta Bizkaira ikus-entzunezko proiektuak erakartzeko funtsezko faktorea da, herrialdeak zinema agertoki gisa aukeratuak izateko beren artean lehiatzen diren une hauetan.

“Leihatila bakarra”, zerbitzua nahierara

Bilbon eta Bizkaian filmatzeko interesa duten nazioarteko, estatuko eta tokiko proiektuentzat “leihatila bakar” gisa dihardu Bilbao Bizkaia Film Commission. Ekoiztetxeek modu pertsonalizatu eta zuzenean jasotzen dute informazio osoa: zerga pizgarriak, ekoizpenari laguntza emateko neurriak, legezko izapideak, espazio publikoaren erabileraren kudeaketa, zirkulazio eta segurtasun baimenak, kokalekuak eta ikus-entzunezko industria. Bilbao Bizkaia Film Commissionen helburua sektorean ospea eta tokia hartzea da, hirian eta Lurraldean garatzen diren ekimen zinematografikoei eta ikus-entzunezko ekimenei laguntza “nahierara” emanez.

Kokalekuak, espazioak eta ekoizpen-gida

Bilbok eta Bizkaiak elementu bitxi eta bereiziak dituzte ikus-entzunezko proiektuen erakarpenean lehiatzeko. Klima leuna eta ondo bereizten diren lau urtaro eskaintzen ditu. Horrez gain, hiriko eta lurraldeko kokalekuen aniztasunak eta ugaritasunak aukera bereziak eskaintzen ditu arkitekturari, paisaia industrialari, naturari, kostaldeari, barrualdeei, hiriari, historiari eta nortasunari dagokienez. Erakargarritasun handiko kanpoaldeak ere baditu, mota guztietako ikus-entzunezko ekimenak gauzatzeko, eta horien beharretarako espazio publikoak eskura jartzen ditu, besteak beste filmatzeko setak eta jantziteria-, arte- eta ekoizpen-bulegoak bertan jarri ahal izateko. Horri guztiari, gainera, ekoiztetxeek ondo baloratutako ikus-entzunezko industria aditua gehitu behar zaio.

Jupiter Ascending en Bilbao

Tokiko ikus-entzunezko sektoreari bultzada

Filmatze lanak erakartzean, esparru ekonomiko eta turistikoan eta komunikazioaren esparruan eragin positibo nabarmena sortzen da; horrez gain, jarduera horrek eragin zuzena dauka ikus-entzunezkoen euskal enpresen sarea garatzean, baita kultura, arte, sormen eta teknologia arloetako erreferente gisa Bilbo hiriak eta Bizkaiak daukaten ospe eta sona onean ere. Horren haritik, Bilbao Bizkaia Film Commissionek jardun ardatz gisa ezarri du EIKENekin (Euskadiko ikus-entzunezkoen sektoreko klusterra) harremanetan egoteko marko egonkorra eratzea, baita hiriko eta lurraldeko ekoiztetxeekin ere; tokiko talentu berriei arreta berezia jarriko zaie, ideia eta proiektuekin. Zinema arloko inbertsioek, halaber, itzulkin positiboa eragiten dute industria osagarrietan eta hotelak, ostalaritza, garraioa eta merkataritza bezalako zerbitzuetan.

Zinemaren webgune eta marka

Bilbao Bizkaia Film Commission aurkezteko ekitaldian Imanol Pradales, Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatua, eta Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enpleguko zinegotzi Xabier Ochandiano izan ziren. Hitzordu bera aukeratu zuten zerbitzu berri honen marka aurkezteko, baita bere webgunea ere; web atariak benetako online bulego gisa funtzionatzen du, bisuala, erakargarria, intuitiboa eta erabilerraza da, eta ikus-entzunezko proiektuak filmatzeko hiriak berak eta lurraldeak eskaintzen dituzten indargune guztiak gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez jasotzen ditu. Webgunea sei ataletan dago banatuta, Kokapenak, Kenkariak, Zerbitzuak, Esperientziak, Ekoizpen Gida eta Zinema jaialdiak izenekoak; horrez gain, harremanetan jartzeko posta helbide bat eta telefono zenbaki bat ere ageri dira bertan, asteko egun guztietan 24 orduko arreta jaso ahal izateko.

Guztira 62 ekoizpen erantzun dira 2015ean

Bilbao Bizkaia Film Commission martxan jartzea eragin zuen lankidetza hitzarmena sinatu zenetik, guztira 62 ekoizpeni erantzun zaie. Horietatik 34 dagoeneko filmatu dira edo filmatze fasean daude; proiektu fasean daude beste hamabi lan, eta 16 ekimen, berriz, beste leku batean filmatu dira, bertan behera geratu dira edo aztertze fasean edo atzeratuta daude. Filmatuta edo filmatzen ari diren 34 ekoizpenak honela banatzen dira: hamahiru film luze, zazpi spot, lau film labur, hiru bideoklip, bi dokumental, bi telebista saio eta bi argazkilaritza saio. Film luzeen artean Gernika, Plan de fuga, Cuerpo de élite. Misión Palomares, The Key, El ataúd de cristal, La noche del virgen edota La tercera ley de Newton nabarmendu behar dira. Publizitateari dagokionez, Banco Sabadell, Seat Toledo, EITB, Bicicletas BH enpresek edo Loewe luxuzko markak Bilbon eta Bizkaian filmatutako iragarkiak aipatu behar dira.

Bilbao-Bizkaian filmatutako azken lana

Oriol Paulo zinemagile katalanak bere bigarren film luzearen zati bat Bizkaian grabatzearen aldeko apustua egin du; oraindik filmaren izena erabaki gabe badago ere, urriaren 19tik 23ra Bilboko Aireportuan eta Ea herrian aritu zen filmatze lanetan. Mario Casas, Ana Wagener, Jose Coronado eta Bárbara Lennie dira lan honen protagonistak, eta Think Studio, Atresmedia Cine, Colosé Producciones eta La Habitación Cerrada AIE arduratu dira ekoizpen lanaz; MoviStar + eta TVC entitateen kolaborazioa ere jaso du. Oriol Pauloren opera primak, El cuerpo izenekoak, sei milioi eurotik gorako bilketa lortu zuen, eta lan horri esker zuzendaria Goya sarietarako hautagai gisa izendatu zuten Zuzendari Berri Onenaren kategorian. Bigarren lan honen banaketa komertziala Warner Bros Pictures España banatzaileak egingo du.

Rodaje Gernika

Gernika, adibide arrakastatsua

Gernika film luzea arrakastaren adibide argia da, Sony Pictures Worldwide Acquisitions nazioarteko banatzailearen babespean James D’Arcy, Jack Davenport, María Valverde eta Bárbara Goenega aktoreak bildu zituen lana, alegia; izan ere, agerian utzi zuen filmatzeek nolako eragin positiboa daukaten grabazio lanetarako aukeratutako agertokietan. Koldo Serrak zuzendutako lanari esker bi milioi euroko inbertsioa egin zen Euskadin, eta 250 enpresa inguruk kolaboratu zuten. Filmak Bilbao Bizkaia Film Commissionen babesa jaso zuen, eta, 900 figuranteren parte hartzea izateaz gain, zuzeneko 125 lanpostu eta zeharkako 625 enplegu sortzea sustatu zuen.