Bilbao International Logo

29/05/2012

Partekatu:

  • Facebook
  • Twitter
  • Delicious
  • Google Bookmarks
  • Yahoo Bookmarks
  • Menéame
  • E-mail

El Sol llega a Bilbao

El Solek publizitate sormenaren nazioarteko hiriburu bihurtuko du Bilbo udaberri honetan

El Solek publizitate sormenaren nazioarteko hiriburu bihurtuko du Bilbo maiatzaren 31tik ekainaren 3ra bitartean. Beraren bidez berretsiko dira Bilboren irudiaren hedapena eta aitortza, kulturaren eta sormenaren alorreko nazioarteko erreferente bezala, eta, gainera, inpaktu ekonomiko handia izango du hirian, batez ere ostalaritza sektorean, hotelen okupazioan, merkataritzan, zerbitzuetan eta aisialdiaren eremuan.

El Solen aurtengo edizioak Iberdrolaren babesa izango du. Izan ere, enpresa honek sustrai sakonak ditu hirian, eta protagonismo nabarmena izango du jaialdi osoan zehar. Bilbao Arena izango da jaialdia ixteko gala hartuko duen esparrua,  ekainaren 2an. Mirbillako erabilera anitzeko esparru horrek 2011ko eraikin onenarentzako saria jaso zuen iragan astean, kirol espazioen sailean, Arch Daily arkitekturako webgune ospetsuaren aldetik. Bada, esparru hori izango da El Solekin lotutako jarduerak hartuko dituzten lau kokaguneetako bat, Euskalduna Jauregia, Guggenheim Museoa eta Alhóndiga Bilbaorekin batera.

Jaialdiaren 27. edizioak eskainiko dituen nobedade azpimarragarrienen artean, “Branding (marka sortzea) eta Diseinu” Sari bat sartu da aurreneko aldiz. Ekitaldiaren beste hamaika sail ofizialak hauexek izango dira: Kanpaina Integratuak eta Berrikuntza, TB/Zinema, Kanpoaldea, Egunkariak eta Aldizkariak, Irratia, Digitala, Hedabideak, Zuzeneko Marketina, Sustapen Marketina, Harreman Publikoak eta Osasuna. Hamabi sail horien bidez, komunikazio komertzialaren eta publizitatearen adierazpen guztietara iritsi nahi da.

Sail bakoitzak epaimahai espezifiko bat izango du, Iberoamerikako profesional ospetsuz osatua. Horiek izango dira eman beharreko sariak emango dituztenak (Urrezko Eguzkia, Zilarrezko Eguzkia, Brontzezko Eguzkia eta Sari Handia). Horiez gain, jaialdian beste sari batzuk ere emango dira, hala nola, Urteko Iragarki-jartzailea, urteko Agentzia eta Sarea, edo prentsaren saria.

Bilbon 2016ra arte egongo den ekitaldi bat

El Sol 2012tik 2016ra egingo da Bilbon, eta hori lagungarria izango da tokiko ekonomia funtsezko sektore batzuetan bultzatzeko: hotelak, merkataritza, ostalaritza, zerbitzuak eta aisialdia. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak uste dute ekitaldi honek Bilbo berresten duela nazioarteko erreferente bezala, hau da, diseinuari eta sormenari lotutako hiri moderno bezala; gainera, berton irauteko eta jarduera eta garapen ekonomikoa bultzatzeko gaitasuna duten ekitaldiak erakartzearen aldeko apustu instituzionala indartzen du.

Bilboren hautagaitzak hainbat eragileren lankidetza eta atxikimendua izan ditu une orotan, hala nola: “Destino Bilbao”, Bizkaiko Publizitate Agentzien Elkartea, Bizkaiko Ostalaritza Elkartea, Bilbao Dendak, Euskalduna Jauregia, Alhóndiga Bilbao eta Guggenheim Museoa. Instituzio eta eragile sozial horien inplikazio aktiboak ahalbidetu du azkenean Bilbo aukeratua izatea, beste hamaika hirirekin izandako lehian.

Jaialdiak presentzia izango du hiriko bizitzan, bere lau egoitza enblematikoetan egingo dituen jarduera espezifikoekin. Izatez, egoitza ofizial bezala izendatua izateko Bilbori aitortu zaizkion puntu sendoetako bat izan da hiriak azken urteotan sortu dituen azpiegitura modernoak, eta baita honen moduko neurria eta hedapena duten ekitaldiak –nazioarteko oihartzun zabalarekin- hartzeko duen “bikaintasuna” ere. Bilbo aukeratzerakoan baloratu ziren beste lau elementuak izan ziren hautagaitzaren kalitate teknikoa, estatuko zein nazioarteko aire-konexio onak, hiriaren eraldaketa eredua, eta Bilbok munduari transmititzen dion abangoardia irudia.

Herritar guztiengana zuzendutako programazioa

El Sol maiatzaren 31n hasiko da, Euskaldun Jauregian; bertako instalazioek hartuko dituzte ikus-entzunezkoen emanaldiak, erakusketa gune espezifiko bat, epaimahaiarentzako bilera aretoak, prentsaurrekoak, eta beste jarduera batzuk. Amaierako gala, sarien banaketarekin, Bilbao Arenan izango da, ekainaren 2ko arratsaldean. Guggenheim Museoan, berriz, ekitaldira etorritakoentzako harrera ekitaldi bat egingo da, eta Alhóndiga Bilbaok ate irekien jardunaldi bat hartuko du ekainaren 3an; jardunaldi horretan, “Bobina Histórica El Sol” emitituko da, 1985az geroztik sariak irabazi dituzten iragarki eta kanpainekin. Programazio guztia ez da publizitatearen publiko profesionalarengana soilik zuzentzen, baizik eta herritar guztiengana ere bai.

Publizitate Komunikazioaren Agentzien Espainiar Elkarteak (AEACP) antolatuta, El Sol Jaialdia ospe handieneko ekitaldia da gaur egun, bere jarduera-eremuan. 1.800 pertsona inguru biltzen ditu urtero, eta 2.500 lan eta kanpaina erregistratzen ditu, gutxi gorabehera. Azken edizioetan, ekitaldian parte hartu duten herrialdeak 18 izatera iritsi dira; horien artean, espainiar, brasildar, mexikar eta argentinar izen-emateak azpimarratu daitezke.

Bai Bilboko Udala eta bai Bizkaiko Foru Aldundia jakitun daude hiriaren eta El Sol jaialdiaren arteko batasuna etorkizuneko aliantza bat dela; izan ere, bidea emango die elkar indartzeko, presentzia handiagoa izateko munduan eta lankidetza emankorra bermatzeko. Horrek, gainera, negozio aukera handiagoak sortuko ditu, dinamismoa handiagoa ekarriko dio tokiko bizitzari, eta Bilbo finkatuko du izan oneko hiri bezala kultura, komunikazio, publizitate eta sormenaren alorrean. Halaber, jaialdiak Iberoamerikan duen errotze sakonari esker, Bilbao-Bizkaia marka sustatu ahal izango da bere turisten kopuruaren hazkundeagatik gorantz doan merkatu horretan.