Bilbao International Logo

01/12/2015

Partekatu:

  • Facebook
  • Twitter
  • Delicious
  • Google Bookmarks
  • Yahoo Bookmarks
  • Menéame
  • E-mail

Hastear da Bilbao Mendi Film Festival 2015

Bizkaiko hiriburuan abenduaren 11tik 20ra egingo den Bilbao Mendi Film Festival-en, mendi eta abentura kirolen inguruko zinemaldiaren zortzigarren edizioa aurkeztu da gaur goizean. Ekitaldian Xabier Otxandiano (Bilboko Udaletxeko Garapen Ekonomiko Merkataritza eta Enpleguko zinegotzia), Clara Montero (Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria), Carlos Sergio Atsotegi (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kiroletako aholkularia), Aitor Aranburu (Kutxabankeko Bilbao erdiguneko zuzendaria) eta Jabier Baraiazarra (Bilbao Mendi Film Festival-eko zuzendaria) egon dira eta aurreko urteetan bezala, pelikulen proiekzioaz gain, beste hainbat jarduera eskainiko direla azpimarratu dute jaialdiko antolakuntzako kideek.

Gaur bertan Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak antolatutako CVCEPHOTO txapelketako finalisten argazki erakusketa Bilboko metroko Moyua (Elkano-Ercilla irteera), Casco Viejo (Unamuno irteera) eta Indautxu (Urkijo irteera) geltokietara aldatuko da. Bestalde, etzi, abenduaren 3an, ‘Karakorum’ argazki erakusketa inauguratuko da Rekalde Aretoan eta dohainik bisitatu ahal izango da urtarrilaren 10era arte. Baltistan Fundazioak bultzatutako erakusketa 30 bat argazkik osatuko dute, horietariko batzuk formatu handian, Pakistango Hushe bailarako jendearen bizitza erakutsiz. Haranean 30.000 pertsona inguru bizi dira, Hushe ibaiaren ertzetan zehar sakabanatuta dauden herrixketan. Herri horiek munduko ‘zortzimilako’ batzuetara heltzeko igarobideak dira. Mikel Alonso bilbotarrak etxe, kale eta eskoletan ateratako emakume eta neskatoen argazkiak jasotzen ditu erakusketan. Baltistan Fundazioko boluntarioekin batera bidaiatu zuen hara.

Fundazio horrek ta Bilbao Mendi Film Festival-ek  antolatuta, abenduaren 9an Samina Baig alpinistak konferentzia bat eskainiko du ‘Beste begirada batzuk’ zikloaren barnean. Islama praktikatzen duten edo islamaren munduarekin lotzen diren kulturen kide diren, eta eguneroko albisteeetan protagonista izaten direnengandik aldenduta erreferente eta eredu bihurtu diren pertsonen bizitza-lekukotasunak azaltzea da helburua.Hau da, Islamarekin lotutako beste ikuspegi eta errealitate batzuk agerian jartzea da hitzaldi hauen xedea.Samina Baig lehen emakume pakistandarra eta herrialde horretako hirugarren pertsona izan da Everest mendia eskalatzen. Mendi horretara igo den emakume musulman gazteena ere bada, baita Zazpi Gailurrak (kontinente bakoitzeko tontorrik altuena) igo dituen lehen emakume pakistandarra, eta lehen emakume musulmana ere.  Konferentzia eskaintzeaz gain, sail ofizialean abenduaren 15ean proiektatuko den ‘Beyond the Heights’ filmaren protagonista da Samina.

Jaialdia abenduaren 11n, 19:30etan inauguratuko da ofizialki Euskalduna Jauregian, Jimmy Chin-ek eta Elizabeth Chai Vasarhelyi-k zuzendutako ‘Meru’ pelikularen emanaldiarekin. Estreinaldiaren ostean zinemaz beteriko beste 9 egun etorriko dira eta horietan sail ofizialean beste 42 lan proiektatuko dira eta beste 3 lehiaketatik kanpo, eta ‘MendiShort’ laburmetrai amateurren lehiaketako irabazleak ere lekua izango du.

Pablo Iraburu eta Lara Izagirre zinegileak; ‘Gazeta Wyborcza’ egunkari poloniarreko editore burua den Wojciech Fusek; Michael Pause kazetari, produktore eta idazlea eta ‘Alpinist’ eta ‘Backcountry’ argitalpen espezializatuetako zuzendari editoriala izango dira epaimahaikideak.

Jaialdiko une garrantzitsuenetariko bat abenduaren 19an helduko da, ‘WOP Fundazio Saria mendizaletasunaren giza-balioen defensa eta transmisioari’ garaikurrarekin.

Garaikur honek mendizaletasunaren giza-balioen defentsa eta transmisioa saritzen ditu: hobetzeko gaitasuna, esfortzua eta talde-lana; fideltasuna eta baikortasuna aldaketak lortzeko motor gisa; mendi, eskalada eta muturreko kirolekin lotutako ekintzak familiarekin uztartzen jakitea… Aurten saria Josep Manuel Angladari emango zaio, XX.mendeko alpinismoaren historiako erreferente nagusietako bati. ‘WOP Saria’ WOP Fundazioak (Walk on Project) bultzatutako garaikurra da.Fundazioak arruntak ez diren gaixotasun neurodegeneratiboen ikerketaren gainean dibulgazioa, sentsibilizazioa eta laguntza eskaintzen ditu.Gainera aurrera eramaten ditu hainbat ekintza artistiko, sozial eta kultural dirua bildu eta leukodistrofien aurkako elkarteei mota horretako gaixotasunen ikerketan laguntzeko.Aldi berean, kaltetuen eta euren familien bizi-kalitatea hobetzeko balio duten konponbide berrien ikerkuntza eta garapena suspertzen du.

WOP Saria eman ondoren, ‘Walk on Project’ fundazioak produzitutako ‘2T on Chamlang’ pelikularen mundu mailako estreinaldia egingo da. Urriaren 19an Nepalgo mendia igo zuen eta Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza alpinistek eta Juanjo Otazu kameralariak osatutako WOPEAK espedizioa du ardatz.

Zinemaz gain jaialdian Panel Talk-ak, Mendi Talk-ak eta konferentziak egingo dira. Hauen barruko lehenengo ekitaldia abenduaren 12an, 11:30etan, BBK Salan egingo da. Eneko Atxa sukaldaria eta Alberto Iñurrategi alpinista‘Erronka’ri buruz arituko dira solasean, bakoitzak bere esparruan aurkitu dituen desafioei nola egin dien aurre azalduko du.

Iñurrategi eta Atxaren mintzaldiaren ostean, 12:30etan,BernadetteMcDonald-ek bere azken liburua aurkeztuko du, ‘Escaladores de la libertad’, ‘Freedom Climbers’ liburuaren gaztelaniazko itzulpena. Argitalpenak hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Boardman Tasker Prize for Mountain Literature eta Banff Mountain Book Festival delakoa.

Egun horretan, arratsaldez, 19:30etan, Adam Ondra-k, egungo eskaladako munduko txapeldunak, ‘Slideshow – Eskalatzaile baten bizitza’ konferentzia eskainiko du. Bere hastapenak eta Patxi Usobiagaren zuzendaritzapean lehiaketetan eman dituen azken urteak errepasatuko ditu.

Hurrengo egunean, abenduaren 13an, 11:30etan, BBK Salan proiektuen inguruko Mendi Talk-en txanda helduko da.  Lehenengo National Geographic-en ingurukoak jorratuko dira. Rebecca Martin-ek, Espedizio Kontseiluaren zuzendari exekutiboak erakundeak gazteen artean banatzen dituen bekak aurkeztuko ditu eta Elgoibarko Eñaut Izagirrek azalduko du nola lortu duen diru laguntza ‘Incógnita Patagonia’ bere proiektua aurrera eramateko. Ondoren Dani Salas errealizadoreak ‘Jugando a escalar’ proiektu dokumentala aurkeztuko du. Eskaladan etorkizun oparoa duen Santutxuko Andoni Esparta gaztea da dokumentalaren protagonistetako bat eta bera ere bertan izango da.

Abenduaren 15ean, 19:30etan, BBK Salan, ‘Panel Talk: Gidariek hitza hartzen dute’ delakoak asko ezagutzen ez den ogibide baten zirrikituak erakutsiko ditu. Mendiko kazetaritzan espezializatutako Oscar Gogorzak Simon Elias eta Christian Ravier gidatuko ditu mahai-inguru honetan.

Abenduaren 19an, 11:00etan, BBK Salako atondoan, sinadurentzako tartea izango duen  irakurleen eta mendiko liburuen egileen arteko topaketa bat antolatuko da,  eta jarraian Imanol Marrodan artista eta argazkilariak ‘Anboto’ bere azken liburuan oinarritutako ‘Anboto, mundu higikor baten irudia’ konferentzia  eskainiko du. Liburuak artea eta natura uztartzen ditu, eta mendi horretan eta bere ingurunean bost urtetan egindako esplorazio lanaren emaitza da.

Konferentzia, solasaldi eta mahai-inguruez aparte, Bilbao Mendi Film Festival 2015-ek hiru ikastaro ere izango ditu. ‘Eskaladako patologiei eta entrenamendumetodoei buruzko ikastaroa’ abenduaren 12an eta 13an egingo da, ‘Mendi-lasterketetako entrenamendu eta teknikari buruzko clinic-a’ abenduaren 19an eta 20an, eta ‘Mendiklik’ mendi-argazkilaritzako tailerra ere asteburu horretan, 19an eta 20an.

Jaialdiko azken egunean, abenduaren 20an, PIUGAZ eskalada zentroak bere ateak doan irekiko ditu eskalada publiko mota guztiei gerturatzeko, eta 12:00etatik aurrera, BBK Salan, saritutako pelikulekin ‘Non-Stop’ saioak izango dira ikusgai. 17:15etako saioan sari banaketa egingo da.

EKITALDIAK

  • Azaroaren 9tik-Abenduaren 31ra: Metroko erakusketa
  • Abenduaren 3tik-Urtarrilaren 10era: ‘Karakorum’ erakusketa,Rekalde Aretoa
  • Abenduaren 9an: Samina Baig-en hitzaldia, Rekalde Aretoa
  • Abenduaren 11n: Bilbao Mendi Film Festival 2015-en inaugurazioa, Euskalduna Jauregia
  • Abenduaren 12an: Panel  Talk ‘Erronka’, Eneko Atxa eta Alberto Iñurrategirekin, BBK  Sala
  • Abenduaren 12an: ‘Eskaladores de la libertad’ liburuaren aurkezpena Bernadette McDonald-ekin, BBK Sala
  • Abenduaren 12an: Adam Ondra-ren hitzaldia, ‘Slideshow – Eskalatzaile baten bizitza’, BBK Sala
  • Abenduaren 12an-13an: Eskaladako patologiei eta entrenamendu metodoei buruzko ikastaroa, Zabalgune Eraikina eta PIUGAZ eskalada zentroa (Zorrozaurre)
  • Abenduaren 13an: ‘Mendi Talk: National Geographic-en bekak eta proiektuak’, Rebecca Martin eta Eñaut Izagirrerekin, BBK Salan
  • Abenduaren 13an: ‘Jugando Escalar’ proiektu dokumentala, Dani Salas, Andoni Esparta eta bere aita, Pedro Espartarekin, BBK Salan
  • Abenduaren 15ean: ‘Panel Talk: Gidariek hitza hartzen dute’Oscar Gogorza, Simón Elías eta Christian Ravier-ekin, BBK Sala
  • Abenduaren 19an: ‘Mendiko liburuen egileekin solasean’, BBK Sala
  • Abenduaren 19an: Imanol Marrodanen hitzaldia ‘Anboto, mundu higikor baten irudia’, BBK Sala
  • Abenduaren 19an: ‘WOP Fundazio Saria 2015’ Josep Manuel Anglada-ri, BBK Sala
  • Abenduaren 19an: WOPEAK pelikularen mundu mailako estreinaldia: ‘2T on Chamlang’, BBK Sala
  • Abenduaren 19an-20an: Mendi lasterketetako entrenamendua eta teknikari buruzko ikastaroa, Bilboko Aterpetxea
  • Abenduaren 19an-20an: V. ‘Mendiklik’ argazkilaritza ikastaroa, Zabalgune Eraikina
  • Abenduaren 20an: Piugaz eskalada zentroan jardunaldi berezia ateak irekita
  • Abenduaren 20an: Pelikula irabazleekin Non-Stop saioak, BBK Sala

ARETOEN EGITARAUA 2015:

  • Euskalduna Jauregia:Abenduaren 11n
  • BBK: Abenduaren 12tik 20ra
  • Golem Alhóndiga: Abenduaren 14tik 18ra

INFO GEHIAGO HEMEN >