Bilbao International Logo

25/11/2015

Partekatu:

  • Facebook
  • Twitter
  • Delicious
  • Google Bookmarks
  • Yahoo Bookmarks
  • Menéame
  • E-mail

HELSINKI IZANGO DA CITIES&DESIGN HITZALDIEN ZIKLOKO GONBIDATUA, ETA DISEINUA IZANGO DUTE AZTERGAI, HIRIETAKO TRAKZIO-ELEMENTU GISA

Cities&Design hitzaldien zikloaren hirugarren edizioko hiri gonbidatua Helsinki izango da; izan ere, oraingoan ekimenaren xedea diseinua trakzio-elementu gisa jotzen duten hirien esperientziak partekatzea izango da.  Hala, saioan oraingo zein etorkizuneko proiektuak jorratuko dira, esaterako Design Driven City programa, hiri inguruneetan eta sektore publikoan diseinuaren erabilera sustatzeko helburua duena, hiriak bizigarriagoak, humanoagoak eta errazagoak izatea lortze aldera; horrez gain, Helsinki Design Week edo Helsinkiko Liburutegi Nagusiko erabiltzaileen esperientzia interesgarria ere hizpide izango dira.

Gizarte hobea eraikitzen laguntzeko diseinua eta arkitektura nola erabil daitezkeen aztertuko du Design Driven City ekimeneko Komunikazio zuzendari Laura Aaltok.  Bere hitzaldian, hiri inguruneetan diziplina horren erabilera sustatzeko helburua duen ekimen hau azalduko du; egitasmo horretan, ingurunea eratzean eta erabaki hartzean herritarrak inplikatzea lortu nahi da. Berarekin batera Anu Mänttäri ere izango da, une honetan Helsinki hiriko enpresa garapeneko unitatean lan egiten duena, Helsinki World Design Capital 2012 proiektuan aritu ondoren.

Jarraian Pablo Riquelmeren txanda izango da; International Design Foundation entitateko hiri diseinatzaileak “La labor del diseño en la ciudad de Helsinki” izenburuko mintzaldia eskainiko du (Diseinuaren egitekoa Helsinki hirian). Jaiotzez txiletarra izan arren, Riquelmek Helsinki aukeratu du bere bizitza profesionala garatzeko eta sektore publikoari dagokionez daukan interesean sakontzeko. “Diseinatzaile garen aldetik, egiten dugun guztiari oreka eta balio estetikoa ematen saiatzen gara, komunitatearentzat lan egiten ahalegintzen gara, eta etorkizun hobea sortzen ahalegintzea, zalantza izpirik gabe, maitasun eta sormen ariketa nabarmena da” azaldu du.

Hirugarren saioaren izenburua “Construyendo el futuro–Arquitectura y educación en diseño para la infancia” izango da (Etorkizuna eraikitzen – haurrentzako arkitektura eta diseinu hezkuntza), eta Pihla Meskanenek eskainiko du, Arkki irabazi asmorik gabeko haur eta gazteentzako arkitektura eskolako zuzendariak, hain zuzen ere. Ingurumen gaien eta arkitekturaren gaineko prestakuntza eskolaz kanpoko jarduera gisa eskaintzen duen Finlandiako lehenengo eskola da.

Helsinki Design Week (2005) ekimenaren sortzaile eta zuzendari Kari Korkman ere Bilbon izango da, “Helsinki Design Week–Demostrando el cambio” mintzaldiarekin (Helsinki Design Week – Aldaketa erakusten). Helsinki Design Week Europa iparraldeko herrialdeen diseinu deialdi nagusia da. Urtero ospatzen da, irailean, eta diseinuaren esparru guztiei lotutako 200 hitzordu baino gehiago biltzen ditu, profesionalentzat zein publikoarentzat oro har. Besteak beste, Eskandinaviako diseinua nazioartean hedatzea eta kultura eta hiri garapeneko gaien eztabaida foro bat izatea ditu xede.

Azkenik, Helsinkiko liburutegiko Plangintza arduradun Pirjo Lipastik landutako gaia “Diseño de la nueva biblioteca central de Helsinki” izango da (Helsinkiko Liburutegi Nagusiaren diseinu berria). 2017. urtean, Helsinki hiriaren erdiguneak liburutegi nagusi bat izango du; diseinu lanetan arlo askotako profesionalak ari dira parte hartzen, baita herritarrak ere, zerbitzuaren etorkizuneko erabiltzaile izango diren aldetik. Ondoren, kodiseinuaren ideia Helsinkiko liburutegi sare osoan aplikatzeko helburua daukate.

Cities&Design Workshops

Azaroaren 26an egingo den hitzaldien zikloaren osagarri gisa, azaroaren 27an Cities&Design Workshops tailerrak ere egingo dira. Publiko espezializatuari bideratuta egongo dira tailer horiek, eta lau mahai inguruko formatua daukate; aldi berean, fusio gastronomikoari buruzko masterclass saio bat eskainiko dute Sami Tallberg sukaldari finlandiarrak eta Ricardo Pérezek.

Lehenengoan, gonbidatuei hausnarketa egin, eztabaida piztu eta balizko lan ildoak definitzeko eskatuko zaie, Diseinuaren SubRed UNESCO, UNESCOren  Hiri Sortzaileen Sarea eta Design Week kontzeptuen potentzialari dagokionez. Helsinki eta St-Étienne hirietako ordezkariak, Bilboko Udalekoak, Bizkaiko Foru Aldundikoak eta EIDEkoak elkartuko dira bertan.

Bigarren mahaia diseinuari eta hiriari buruzkoa izango da, eta bertan diseinuaren potentziala aztertuko dute zentzu zabalenean, oraingo eta etorkizuneko hiriak eraldatzeko, arkitektura eta hirigintzaren ikuspegitik hasi eta zerbitzuetara arte.  Parte hartzaileen artean izango dira, besteak beste, Helsinki hiriko diseinatzaileak, Bilboko Udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak, Bilbao Metrópoli-30 eta Azkuna Zentrokoak, baita EHAEO, EIDE, Zorrotzaurreko Batzorde Kudeatzailea, IDOM, LKS eta Deustuko Unibertsitateko ordezkariak ere.

Hirugarren mahai inguruaren gaia Diseinua hezkuntzan izango da, eta Helsinki, Dundee eta Milan hirietako hezkuntza eta diseinu arloetako espezialistek hartuko dute parte, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak (Berritzeguneak), eta Bizkaiko Foru Aldundikoak, baita UPV/EHU, Mondragon Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitatea, DigiPen eta EIDEkoek ere.

Laugarren bileran (BIDC–Estrategia 2016-2017), 2016. urtetik aurrera BIDCek planteatu beharreko balizko estrategiak sektore eragileekin komentatuko ditu BiDCeko Batzorde Betearazleak, eta Eusko Jaurlaritzako, Bilboko Udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek hartuko dute parte; horrez gain, Arbaso, Bizkaiko Publizitate Agentzien Elkartea, Bizkaiko Moda, EHAEO, BBDDEO, HABIC, EIDE, EIKEN eta GAIA entitateek ere ordezkaritza izango dute bertan.

Info Gehiago: http://dweek.bidc.eus/