Bilbao International Logo

26/11/2015

Partekatu:

  • Facebook
  • Twitter
  • Delicious
  • Google Bookmarks
  • Yahoo Bookmarks
  • Menéame
  • E-mail

Jose González ere Bilbao BBK Live 2016 Jaialdian izango da, Folk estiloko bere proposamenarekin

José González musikari suediarra ere, folk estilo garaikideko interprete pertsonaletako bat, Bilbao BBK Live jaialdiaren hamaikagarren edizioaren egitarauan egongo da; uztailaren 7an, 8an eta 9an izango da. Hala, orain arte baieztatu diren Pixies, M83, Father John Misty eta Courntey Barnett bandek osatutako egitarauari bere izena gehituko zaio.

José González Latinoamerikako folkarekin eta Silvio Rodríguezen musikarekin inguratuta hazi zen. Jatorri argentinarreko musikariak modu berezian jotzen du gitarra akustikoa, eta gitarra bera kolpatuz perkusioa ere sortzen du; horrekin eta bere ahotsarekin nahikoa du bere zuzeneko emanaldiez gozatzeko aukera daukatenengan emozio biziak pizteko.

Beste artista batzuen abestiei forma emateko izugarrizko gaitasuna du; hala, berak egiten duen folk berezitik urrun dauden Heartbeats (The Knife taldearena) edota Love Will Tear Us Apart (Joy Division taldearena) bezalako doinuei bere ukitu pertsonala eman die.

Vestiges & Claws izeneko hirugarren lana 2015. urtearen hasieran argitaratu zuen José Gonzálezek, aurreko LPa plazaratu eta bederatzi urtera. Tartean bi lan argitaratu ditu Junip bandarekin, bakarkako ibilbidea egiten duen bitartean daukan taldearekin, alegia. The Göteborg String Theory orkestrarekin zenbait bira egin ditu, eta hainbat kantu sortu ditu La Secreta Vida de Walter Mitty filmaren soinu bandarako.

Vestiges & Claws lana José González da ehuneko ehunean. Diskoa artistak berak grabatu eta ekoiztu zuen ia-ia osorik, bere etxean; ñabardurei arreta berezia eskaini zien, eta punta-puntako teknologia erabili zuen hain zuzen ere soinu ia analogikoa eta epelagoa lortzeko.

Diskoa aurkezteko bira arrakastatsua egiten ari da, eta dagoeneko Thailandia, Europa eta Ipar Amerika zeharkatu ditu. Datorren urteko udan proposamen ezin pertsonalago honetaz gozatzeko aukera izango dugu Bilbon.

José González Göteborg hirian jaio zen 1978. urtean; jazarpen militarrengandik Suediara emigratu zuten guraso argentinarren semea da.

Informazio gehiago: bilbaobbklive.com