Bilbao International Logo

24/11/2015

Partekatu:

  • Facebook
  • Twitter
  • Delicious
  • Google Bookmarks
  • Yahoo Bookmarks
  • Menéame
  • E-mail

M83 taldearen musika elektronikoak erritmoz beteko du Bilbao BBK Live 2016 Jaialdia

Anthony Gonzalez artista frantsesaren M83 musika proiektua ezinbesteko taldea da gaur egungo elektronikan. Ambient eta shoegaze estiloko musika elektronikoa egiten dute, eta Dead Cities, Red Seas & Lost Ghosts lehen lana argitaratu zutenetik (2003) mundu osoko zaleak lortu dituzte. Pitchfork edo NME bezalako hedabideek urteko album onena bezala hartu zuten, eta, hala, genero horretako ezinbesteko banda bihurtu zen. Hurry Up, We’re Dreaming (2011) lana Grammy sarietako hautagaia izan zen Musika Alternatiboaren Album Onenaren kategorian; horrek, halaber, komunikabide handien goraipamenak eragin zituen, eta taldeak sorrarazitako espektatibak berretsi zituen.

Gonzalezek, jakin-minari esker, etengabeko bilakaera izan duen ibilbidea egin du, eta hainbat estiloren eragina jaso du, tartean rock instrumentalarena, elektronika esperimentalena edota dream pop musikarena. Artistak Los Angeles hiriko kultura bizitzaren eragin nabarmena jaso du, eta Justin Meldal-Johnsen profesionalarekin (Beck edota Airen produktorea) eta Zola Jesus edota Brad Laner artistekin kolaboratzen du. M83 bandak hainbat bira arrakastatsu egin ditu Europan eta Estatu Batuetan, eta talde gonbidatu gisa jo du Depeche Mode eta Kings of Leonekin batera. Horrez gain, filmetarako soinu bandak ere prestatu ditu, tartean Oblivion eta Divergente; Placebo, Daft Punk eta Bloc Party taldeen remixak ere egin dituzte.

Une honetan Anthony Gonzalez Los Angelesen dago, M83 bandak 2016an argitaratuko duen lan berria grabatzen.

Bonu-eskaintza

Jaialdiak ondoz ondoko bigarren `sold out´ delakoa egitea lortu zuen aurreko edizioan, eta, gaur egun, 90 euroko bonu-eskaintza bat du abenduaren 3ra arte (gehi sei euro gastuengatik). Kanpina duen bonuak 100 euroko prezioa du, gehi sei euro gastuengatik.

Informazio gehiago: bilbaobbklive.com