Bilbao International Logo

04/08/2014

Partekatu:

  • Facebook
  • Twitter
  • Delicious
  • Google Bookmarks
  • Yahoo Bookmarks
  • Menéame
  • E-mail

Norman Foster recibirá en Bilbao el I Premio BIA por su contribución a la regeneración urbana de la villa

Info: http://biaforum.org/bia/

Norman Foster, arkitektura garaikideko izenik ospetsu eta garrantzitsuenetakoa, Bilbon izango da irailaren 26an BIA (Bilbao Bizkaia Architecture) Saria jasotzeko. Arkitektura eta hiri-birsorkuntzaren bitartez Bizkaiko gizartea garatzen lagundu dutenak aldarrikatzea da golardo honen helburua. Saria emateko ekitaldia Guggenheim Museoan izango da.

Hauxe da, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Bizkaiko Ordezkaritzak martxoan abiarazitako BIA ekimenak bi urtez behin emango duen izen bereko sariaren lehenengo edizioa. Lurralde historiko honetan arkitektura eta hirigintza suspertzea da ekimenaren helburua, lanbidearen erronkei nazioartekotzea, trukea eta herritarren partaidetza bezalako kontzeptuetatik erantzutearen alde apustu eginez.

Gogoetarako topagunea eskaintzeaz gain, BIAk era askotako jarduerak bultzatu nahi ditu. Hauen artekoak ditugu sariaren lehen edizio hau edota irailean bertan antolatuko den “Urban Regeneration Forum” biltzarraren lehen edizioa, astebetez Bilbon nazioarteko 300 aditu inguru bilduko dituena.

I BIA Saria emateko ekitaldia, Bilboko Udalaren eta beste laguntzaile batzuen sostengu eta babespean, irailaren 26an egingo da, Guggenhein Museoko Atrioan, agintariak eta Bizkaiko gizartearen ordezkariak tarteko direla. Norman Foster-en aitorpenezko ekitaldi honetara etorri nahi dutenek izena emateko aukera izango dute datozen egunotan BIAren webgunearen bitartez (http://biaforum.org/).

Profila eta ibilbidea

Norman Foster, Thames Bank-eko Foster Baroia (Manchester, 1935), nazioarteko arkitekto garaikiderik ospetsuenetakoa da. Bere lanari esker, era askotako sari garrantzitsuak lortu ditu, hala nola, 1990eko Mies van der Rohe Arkitektura Garaikideko Saria, American Institute of Architects (AIA) delakoaren 1994ko urrezko domina, 1999ko Pritzker Saria eta 2009ko Arteen Asturiasko Printzea Saria. Manchesterreko Unibertsitatean arkitektura ikasketak hasi eta Yaleko Unibertsitateak osatu zituen. Ingalaterrara itzulita, Team 4 arkitektura-estudioa sortu zuen 1964an. Hiru urte beranduago, 1967an, Foster Associates eratu zuen, non Richard Buckminster Fuller arkitektoarekin kolaboratzen zuen. Arkitektura-estudioa gaur egun Foster + Partners izenarekin ezagutzen dugu.

Hasierako proiektuetan, “high-tech” estilo nabarmen-nabarmena zen nagusi, baina denboraren poderioz, eraikinetako lerroak leunduz joan ziren. Bere lanak zigilu industrial garbia du, behin eta berriz errepikatzen diren osagaien erabileraren haritik. Askotan, osagaiak eraikin baterako propio diseinatutakoak dira. Lau hamarkadetan, Fosterrek karrera ezin oparoagoa landu du, eta bere proiektuak bost kontinenteetako herrialdeetan daude ikusgai.

Euskadin, Metro Bilbaoko geltokien diseinu bitxiagatik ezagutzen den arren, Estatu espainiarrean ere Fosterren lanak ikus daitezke, hala nola, Madrilgo Bankia Dorrea eta Valentziako Kongresu Jauregia. Nazioartean, hauexek dira Fosterren lanik ezagunenetako batzuk: Londresen, Britainiar Museoaren eta Wembley Estadioaren eraberritzeak, Standsted-eko aireportuko terminal berria, Milurtekoaren Zubia, “Gherkin”a eta Udaletxea; Alemanian, Berlingo Reichstagen eraikinaren eraberritzea eta Frankfurteko Commerzbank Dorrea; eta EEBBetan, New York-eko Hearst Dorrea, Omaha-ko (Nebraska) Joslyn Museoaren handitzea eta Bostoneko Arte Plastikoen Museoa. Horiez gain, Hong Kongeko Hongkong Bank eraikina eta Beijineko Nazioarteko Aireportua gisako eraikin apartak diseinatu ditu.