Bilbao International Logo

Geure Unibertsitateak

Unibertsitateak Bizkaian:

- Euskal Herriko Unibertsitatea

- Deustuko Unibertsitatea

- Mondragon Unibertsitatea

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

LOGOUPVEHU

Euskal Herriko Unibertsitatea Euskal Herriak bere unibertsitatea izateko historian zehar egindako saio-erreskadaren emaitza da, gizarte dinamiko eta moderno baten premia ugariei erantzuna emateko ahaleginen fruitu.

1980an gaurko izaera bereganatu zuen, Bilboko Unibertsitate zaharrean oinarrituta eta 1936ko Euskal Unibertsitatean inspirazioa hartuta. Eduardo Chillidak egindako ikurra hartu zuen, eta Iparragirreren bertso-lerro ezaguna erantsi zion -Eman ta zabal zazu-, euskal kulturaren bokazio unibertsalaren erakusgarri. UPV/EHU errealitate indartsua dugu gaur. Euskadin egiten den ikerketaren %70az arduratzen da, eta milioi laurden tituludun sortu ditu jakintzaren hainbat eta hainbat arlotan.

Hiru campusetan banatuta dago -gaur egungo Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde bakoitzeko bat-, eta 31 fakultate eta eskola ditu. UPV/EHUk ekarpen erabakigarria egiten dio Euskal Herriari, halako moldez non gaurko Euskal Herria pentsaezina litzatekeen unibertsitateak egunero egiten dion ekarpenik gabe, eta haren inguruan sortzen den eztabaida intelektual bizi eta aberatsik gabe.

Euskal Herriko Unibertsitateak 50.000 lagun biltzen ditu egunero ikerketaren eta irakaskuntzaren arloetan; besteak beste, ikasleak, irakasleak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak. Bere eskaintza akademikoak berrehunetik gora titulu biltzen ditu, bai graduak, bai master ofizialak, eta euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez eskaintzen dira. Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde bakoitzean campus bat izanik, UPV/EHUk bi polo zehatz ditu Bilbon: alde batetik, zientzia eta teknologiarena; bestetik, ekonomia eta zuzenbidearena.

Euskampus

EUSCAMPUS

UPV/EHU gidari izan da Donostia International Physics Center (DiPC) Fundazioarekin eta Tecnalia elkartearekin elkarlanean EUSKAMPUS ekimena abiarazteko prozesuan. Proiektu honen bidez, prestakuntza, ikerkuntza eta berrikuntza gune bat sortu nahi da, nazioartean oihartzuna izango duena. Campusaren kontzeptu berria giltzarri izango da, halaber, euskal gizartearen eta ekonomiaren eraldaketarako.

EUSKAMPUS proiektuak eraldaketa ekonomikoaren eragilea izan nahi du Euskal Autonomia Erkidegoan; irakaskuntza, zientzia eta teknologia erreferente bat Europako Ardatz Atlantikoan; eta erreferentzia-eredu bat halaber lurralde-garapenean. Egitasmoaren lema “Unibertsitate bat, Herrialde bat, Campus bat” da.

Proiektuak hiru espezializazio arlo garatzen ditu, bereziki aukeratu direnak; alde batetik, elkartutako erakundeen arteko sinergiak areagotzen dituztelako; eta bestetik, ahalmen handia dutelako gizarte-ongizatearen eta bizi-kalitatearen hobekuntzan. Honako hauek dira:

1.Ekosistema iraunkorrak eta ingurumen-teknologiak.

2.Prozesu berritzaileak eta material berriak.

3.Zahartzea eta bizi-kalitatea.

Horiexek izango dira EUSKAMPUSen jarduera-eremu estrategikoak. Proiektu integratzaile, malgu eta dinamiko hau elkarketaren zutabe nagusietan eratuta dago: materialen fisika, kimika eta robotika. Gogoan izan behar dugu Euskal Autonomia Erkidegoko gaur egungo ekoizpen zientifikoaren %95 baino gehiago elkarketan parte hartzen duten hiru erakundeek sortzen dutela.

Joan den uztailean, EUSKAMPUS egitasmoak finantzaketa handiena jasoko duten proiektuetako bat izatea lortu zuen, Hezkuntza Ministerioak Unibertsitate Estrategia 2015eko testuinguruan antolatu duen “Nazioarteko Bikaintasunerako Campusa” deialdian. Hori posible izan da proiektu serio eta erakargarria delako, hasieratik bertatik apustu egin duena elkarketaren, espezializazioaren, diferentziazioaren eta internazionalizazioaren alde.

Estekak Bizkaiko Campuseko fakultate guztietara:

Ikusi Deustuko Ubibertsitatea ->

Orrialdeak: