Bilbao International Logo

17/11/2015

Partekatu:

  • Facebook
  • Twitter
  • Delicious
  • Google Bookmarks
  • Yahoo Bookmarks
  • Menéame
  • E-mail

Pixies, Bilbao BBK Live 2016 Jaialdiko lehen kartelburua

Bilbao BBK Live 2016 Jaialdiko XI. ediziorako baieztatutako lehenengo kartelburua da Pixies, Amerikako eta Europako rock independentean eragin handienetakoa izan duen bandetako bat. Jaialdia uztailaren 7an, 8an eta 9an izango da Kobetamendin. Bostoneko banda historikoak hurrengo urtean estatuan eskainiko duen emanaldi bakarra izango da.

Pixies taldeak belaunaldi osoak markatu ditu, eta 90eko hamarkadako rock alternatiboa ulertzeko funtsezko taldeetako bat da. Iraupen luzeko lehenengo bi diskoek, Surfer Rosa eta Doolitle direlakoek, rock musikan benetako mugarria jarri zuten eta soinu berri bat ekarri zuten, Nirvana, Radiohead, Pearl Jam edo Weezer taldeentzako erreferentzia bihurtu zena. Hain zuzen ere, talde horiek beti aitortu izan dute Pixies taldearekin zorretan daudela. Aipatutako bi diskoek toki garrantzitsuak dituzte Rolling Stone aldizkari prestigiodunak egiten duen “Inoiz egon diren 500 album onenen zerrendan”.

Black Francis karismaduna da 1986. urtean Bostonen osatu zen taldearen liderra. Urte batzuk aktibo egon ondoren, taldea 1993. urtean desegin zen, kideen artean tirabirak egon baitziren. Hasiera-hasierako taldea (Black Francis, Joey Santiago, Kim Deal eta Dave Lovering) berriz batu zen 2004. urtean, Minneapolisen kontzertua eskaintzeko. Bertan, Amerikako Estatu Batuetara, Europara, Japoniara eta Brasilera eraman zituen bira arrakastatsuari hasiera eman zioten. Ordutik aurrera, taldeak jotzen jarraitu du eta mundu osoan zehar ‘sold out’ ugari erregistratu ditu.

Pixies taldeak jatorriz bandan zeuden kide guztiekin joko du Bilbon, Kim Deal baxu-jotzailearekin izan ezik; izan ere, 2013. urtean bakarkako karrera hasi zuen eta gaur egun Paz Lenchantín argentinarrak betetzen du haren tokia. Euskadira etorri gabe bi hamarkada baino gehiago egon eta gero, Kobetamendiko ikuskizuna hemen egingo duten lehenengo kontzertua izango da, eta kontzertuan iaz kaleratutako Indie Cindy azken laneko abestiren bat zuzenean entzun ahal izango da. Gainera, Where Is My Mind, Here Comes Your Mind edo Isla de Encanta betiko abestiak entzungo dira, ikusle guztiak nirvanara goratuko dituztenak.

Bonu-eskaintza

Bilbao BBK Live Jaialdiak ondoz ondoko bigarren ‘sold out’ egitea lortu zuen aurreko edizioan, eta, gaur egun, 90 euroko bonu-eskaintza bat du abenduaren 3ra arte (gehi sei euro gastuengatik). Kanpina duen bonuak 100 euroko prezioa du, gehi sei euro gastuengatik.