Bilbao International Logo

02/11/2015

Partekatu:

  • Facebook
  • Twitter
  • Delicious
  • Google Bookmarks
  • Yahoo Bookmarks
  • Menéame
  • E-mail

Txina, Hego Korea, Danimarka eta Erresuma Batuko zenbait ordezkarik Bilbo bisitatuko dute aste honetan

Txinako Zhoushan hiriko ordezkaritza batek Bilbo bisitatuko du gaur, astelehena, pertsona nagusien osasunaren zaintzaren eta beren bizi-kalitatearen arloko udal politikak ezagutzeko asmoz. Zhoushango Udaleko lau ordezkarik eta hiriko Maternal, Child and Rehabilitation Hospital zentroko presidenteordeak osatuko dute ordezkaritza taldea.

Errehabilitazioan, zainketa medikoetan eta osasunaren tratamenduan Bilbok duen esperientzia ezagutzeko interesa dute ordezkariek. Bilboko Udalak egindako agendak nagusien ongizatearen eta osasunaren sustapenerako udal programa desberdinak aurkeztea du ardatz, José Javier Orduña Osasun eta Kontsumo Saileko zuzendariaren eta Francisco Dehesa Gizarte Ekintza Saileko zuzendariaren eskutik.

Zhoushango ordezkariek Harino Panaderan kokatutako Osasun eta Kontsumo Saileko instalazioak eta Bilbao Ekintzaren egoitza bisitatuko dituzte. Bertan, turismoaren, osasunaren eta bizi-kalitatearen sektoreari buruzko batzar bat izango dute. Nagusien bizitza praktikoagoa bihurtzeko zerbitzuak eta produktuak eskaintzen dituzten enpresa berritzaile batzuk izango dira batzar honetan. Hain zuzen ere, Gerokon Company enpresak Puntuan programa aurkeztuko du, eta Servicios Sociales Integrados enpresak HomeCare Lab sistema; Kwido produktuaren ekoizle Ideable Solutions konpainia ere bileran izango da.

Zhoushan prefektura-hiria eta barruti bat da, Zhejiang probintziaren ipar-ekialdean kokatuta dagoena. Hiriaren eta barrutiaren izenaren jatorria Zhoushan irlari lotuta dago.

Plymouth Unibertsitateko arkitektura ikasleak

Bestalde, bihar, azaroaren 3an, Plymouth Unibertsitateko (Erresuma Batua) arkitektura ikasle talde batek (25 ikaslek) Bilbo bisitatuko du, azken urteotan Bilbok bizi izan duen hiri-garapen eta -eraldaketa prozesua dela medio. Alona Martínez Pérez eta Andrew Humpries dira izen handiko unibertsitate horretako Arkitektura Masterreko ordezkaritzaren buru. Arkitekturaren arloan Bilbok bizitako prozesua ezagutzeko xedearekin, Asier Abaunza Bilboko Udaleko Hirigintza Saileko zinegotziarekin bilera bat izango dute. Hark hiribilduaren eraldaketaren gertaera eta esperientziarik nabarmenenak aurkeztuko dizkie.

Hego Koreako Pohang hiriko agintariak

Halaber, Pohang hiriko ordezkaritza baten bisita ere astearterako aurreikusita dago, azaroaren 3rako, hain zuzen ere. Hego Koreako hiriburu Seuletik hego-ekialdera dagoen hiri bat da Pohang. Pohang University of Science and Technology, Merkataritza Ganbera, altzairuaren industria eta inguruko punta-puntako enpresetako ordezkariek Bilbok egindako bidea ezagutzeko interesa agertu dute, alegia sektore tradizionaletan oinarritutako hiria izatetik (itsasontzien eraikuntza edota siderurgia) nazioarteko hainbat aintzatespen lortu dituen hiri berritzeko eredu izan arte egindako bidea.

Pohangeko toki gobernuko, inguru horretako industrietako eta unibertsitateko ordezkariak Bilbao Ekintzako zuzendari nagusi Nora Sarasolarekin elkartuko dira, eta horrek hiribilduak bizi izandako hiri eraldaketa aurkeztuko die.

Frederiksbergeko Udaleko ordezkariak (Danimarka)

Jergen Glenthej Frederiksbergeko alkatea (Danimarka) izango da asteazken eta ostegunean Bilbo bisitatuko duen ordezkaritzako burua; berarekin batera Danimarkako bosgarren hiri populatueneko kultura eta aisialdi batzordeko arduradunak ere egongo dira.

Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu zinegotzi Xabier Otxandianok Bilbori buruzko ikuspegia eskainiko die bisitariei, datozen lau urteetan udalak landuko dituen proiektuak barne. Ondoren, ordezkaritzak Guggenheim Museoa eta Itsas Museoa bisitatuko dituzte.

Bi egun hauetarako agendan, besteak beste, Pablo Otaolarekin elkarrizketa ere izango dute bisitariek, hau da, Zorrotzaurreko Batzorde Kudeatzaileko gerentearekin; Bilboko hiri eraldaketako azken proiektua aurkeztuko die Otaolak, Deustuko Kanala irekiz penintsulta uharte bihurtu eta etxebizitza, sormen industriak eta eremu berdeak hartzeko proiektua, hain zuzen ere. Horrez gain, Frederiksbergeko ordezkariek Euskalduna Jauregia eta Azkuna Zentroa Bilbao Alhóndiga ezagutuko dituzte, eta Bilbao Metropoli 30eko zuzendari nagusi Alfonso Martínez Cearrarekin batzartuko dira.