Bilbao International Logo

23/03/2014

Partekatu:

  • Facebook
  • Twitter
  • Delicious
  • Google Bookmarks
  • Yahoo Bookmarks
  • Menéame
  • E-mail

BIA, Urban Regeneration Forum

Abiapuntuak

Hauexek dira BIA FORUMen abiapuntuko ideiak:

  • Bilboko eraldaketa eta hiri-birsorkuntzari esker, hiria nazioarteko erreferentzia bilakatu da, hainbat sari eta aintzatespen lortu dituelarik. Honek bisitarien etengabeko etorrera eragin du, Bilborako soluzio horiek nola mamitu diren bertatik bertara ezagutzeko asmoz.
  • Arkitektura hiri-birsorkuntzaren behar bezalako kudeaketaren azken emaitza da. BIA FORUM soluzio horiek ahalbidetu duen industria-ehuna bistaratzeko erreferentzia izango da.
  • Bilboko hiri-soluzioak erakustea.
  • Arkitektura, artearekin batera, garrantzi handiko bektorea da jendea Bizkaia aldera eta bereziki Bilbora erakartzeko.
  • Bilbao marka bat-batean arkitektura hitzarekin lotuta ageri da bisitariaren gogoan. Antzina metalgintzarekin edo ontzigintzarekin gertatzen zen bezalaxe, “Bilbao” eta ondorioz Bizkaia “arkitektura”rekin lotu ohi da.
  • Egungoa bezalako krisi-egoera batean, hiri-eraldaketarako eskuhartze berriak egiteko aukera gutxi daudela, egindako birsorkuntzan geldirik egoteko arriskua dugu.
  • Birsorkuntza horren ondorengo “eguneratzea” eskaini beharko litzateke, ezagutzaren industriaren bitartez.

Zer da BIA Urban Regeneration Forum?

Abangoardiako arkitektura eta hirigintzari buruzko nazioarteko eztabaidarako eszenatokia da. Bilboko hiria arkitektura eta hiri-birsorkuntzaren eredutzat hartuz, astebeteko iraupena izango duen jarduera honek hiri kontsolidatuaren birsorkuntza izango du ardatz.

BIA FORUMek malgutasuna sustatuko duten proposamenak biltzeko topagunea eskaini nahi du, sormenezko loturak ahalbidetzeko asmoz. Hirigintzarekin zerikusia duten eragile guztien arteko elkarrizketa erraztu nahi du, birsorkuntzaren gakoak partekatzeko eta baliabideen erabilera egokia eta hirigintza arloko programazioan, diseinuan, eraikuntzan, kudeaketan eta mantentze-lanetan berrikuntza sustatzeko asmoz, betiere oreka iraunkorra lortzeko helburuari begira.

BIA FORUMek esperientzia esportagarriei buruzko ondorioak biltzearen alde, ezagutza partekatzearen alde eta hiri osasungarriak lortzeko erronkari soluzio inspiragarriez aurre egitearen alde apustu egiten du.

Jarraipen-bokazio garbiaz, hauexek dira egitarauan proposatutako jardueretako batzuk: Nazioarteko Biltzar Zientifikoa: mundu profesional eta akademikoari zuzendutako hitzaldiak, maila desberdinetan sailkatuta.

BIA Saria: “Bilbao Bizkaia Architecture” Saria: golardo honen bidez, arkitekturaz eta hiri-birsorkuntzaz Bizkaiko gizartearen garapenean lagundu duten gizabanakoak saritu nahi dira.

Lehenengo BIA FORUMaren lema: …Hiri bizirantz · Towards living cities · Hacia una ciudad sana

Hiria etengabe eraldatuz doan organismo da; horren haritik, askotxo dira egunez egun hiritarrei ingurumen hobea eta oparoagoa eta arrakasta-aukera handiagoak eskaintzeko borrokatzen diren hiriak. Askotan, helburu hau, garapena eta bizi-kalitatea bateratzeko lan nekezak eragozten du, eta horren adibide dugu industria eta etxebizitzaren arteko bereizketa, hirigunearen eta naturgunearen artekoa, jasangarriaren eta ekonomikoaren artekoa.

Hiri Bizia hiritarrei aukera-berdintasuna berma diezaiekeen hiria da, nork bere ahalbideak ahalik eta gehien garatu ahal ditzan. Ez da hiri-hazkunde zehatz baten menpekoa, baizik eta, handiagoa ala txikiagoa izan, aberatsagoa ala pobreagoa izan, erakargarria izan ohi da hiritarrentzat, eta indarguneak sendotu eta ahulguneak murrizteko modua eskaintzen du.

BIA Urban Regeneration Forumaren lehen edizio honetan, hiri bizi, habitagarri, erakargarri eta oparoa lortzeko sor daitezkeen zalantza guztiak argitzen saiatuko gara. Horretarako, gogoan izan behar dugu hirigintza, arkitektura eta jasangarritasuna zeharkako diziplinak direla erabat, eta ondorioz, oinezko esparru bihur daitezkeen hiriez, energetikoki irankorrak diren hiriez, hiri adimendunez, hiri gizatiarrez hitz egin beharko dugula. Hiri-birsorkuntzan espezializatutako mundu osoko adituekin batera, gure hiriak hobetzeko moduei buruzko gogoetari eta ikerketari lekua egiten saiatuko gara.