Bilbao International Logo

16/12/2015

Partekatu:

  • Facebook
  • Twitter
  • Delicious
  • Google Bookmarks
  • Yahoo Bookmarks
  • Menéame
  • E-mail

Bilbo, Pandion Partners Nazioarteko Sarearen egoitza

Gaur goizean, akordioa sinatu du Bilboko Udalak, Bilbao Ekintzaren eta PandionPartners sarearen bitartez. Hori dela-eta, enpresa-elkarteak Bizkaiko hiriburuan ezarriko du bere egoitza, eta bertatik sustengatu eta koordinatuko du bere jarduera mundu mailan. PandionPartners sarearen jarduerak Bilbon zentralizatuta, sarearen ardatza bihurtuko da Bizkaiko hiriburua, eta nazioarteko harremanak sortuko ditu bat-egite eta eskuraketa korporatiboen arloan. Hori guztia lagungarria izango da enpresentzako zerbitzu aurreratuen sektore estrategikoa indartzeko eta, era berean, hiriaren nazioarteko irudia finkatzeko.

PandionPartners sareko kideen eragiketa-gunea bihurtuko da Bilbo, enpresen estrategia korporatiboa garatzera eta hobetzera bideraturiko jardueren kudeaketaren arloko nazioarteko erreferentea. Europako, Asiako eta Ameriketako enpresek osatzen dute sarea, eta herrialde hauetan daude kokatuta: Espainia, Frantzia, Italia, Alemania, Belgika, Txekiar Errepublika, Holanda, Polonia, Turkia, AEB, India, Txina, Brasil eta Kanada.

PandionPartners-en helburu nagusia da salerosketa eta bat-egiteen eragiketen gaineko aholkularitza-lana egitea bere kideen artean, baita hainbat sektoretako eta munduko eremu ezberdinetako enpresen arteko bazkideak edo itun estrategikoak bilatzea ere. Bilboko bere nazioarteko sareak, bestalde, balio erantsi handiko zerbitzu aurreratuetako jardueren sustapena koordinatuko du, betiere enpresen estrategia korporatiboa garatze eta hobetze aldera.

PandionPartners Bizkaiko hiriburuan ezartzea lagungarria izango da Bilbo marka ezagutarazteko eta nazioarte mailan hedatzeko, eta gainera, bide berria irekiko du gure enpresentzat atzerrian aukera berriak sortzeko. Horrez gain, onuragarria izango da ostatuen sektorean eta garraioan, zeren eta, Bilbo PandionPartners sareko munduko egoitza izanik, transakzioak eta topaketak izango baitira Bizkaiko hiriburuan.