Bilbao International Logo

18/11/2015

Partekatu:

  • Facebook
  • Twitter
  • Delicious
  • Google Bookmarks
  • Yahoo Bookmarks
  • Menéame
  • E-mail

Hainbat enpresaburu, unibertsitateko irakasle eta arkitekto japoniarrek Bilboko eraldaketa-prozesua ezagutu dute

Hasekura 2.0 elkarteak eta JEUPISTE sareak Bilbo aukeratu dute hiri sortzaileen adibide gisa, ezagutza trukatzeko ekimenen barruan. Ekimen horien xedea hainbat enpresaburuk, unibertsitateko irakaslek eta erakundeetako arduradunek munduan zehar burutzen ari diren bilakaeren adibide nagusiak ezagutzea da.

Hasekura 2.0 elkarteak Japoniako hainbat lekutan sortutako proiektu berritzaileak ezagutzera eman eta bi herrialdeen artean negozio aukerak sortzea du xede, eta Bartzelonan du egoitza; JEUPISTE, bestalde, zientzia, teknologia eta berrikuntzan bi aldeen arteko elkarrizketa sustatzeko Japonia eta Europar Batasunaren arteko sarea da.

Gaur hiria bisitatu duen taldeak honako hau ezagutzeko asmoa du: industria osteko Bilbo, hiriko espazio berriak eta Guggenheim museoaren eragina sektore kulturalaren eta turistikoaren trakzio-osagai gisa.

Asier Abaunza Bilboko Udaleko Hirigintzako zinegotziak eman die ongietorria ordezkaritza japoniarra osatzen duten hamaika kideei, eta industria-hiri bat izatetik hiri sortzaile izatera heltzeko Bilbok jasan duen eraldaketa-prozesua azaldu die.

Hasekura 2.0 elkarteak antolatutako misioak Bilbao Txokoak ekimena ezagutzeko aukera ere izan du. Hiria diseinatzeko hiritarren parte-hartzerako lehiaketa bat da, eta hirigintza-diziplina ezagutzaren beste arlo batzuetara (zientzia eta artea) zabaltzea du xede, aldi berean parte-hartzaileek egindako proposamenekin hiriko hamar toki adierazgarri berreskuratuz.

Alfonso Martínez Cearrak, Bilbao Metropoli 30eko zuzendari nagusiak, Bilbok, industriaren osteko hiri gisa, gaur egun bizi duen egoera erakutsi die bisitariei. Ondoren, Guggenheim museoa bisitatu dute. Bertan nazioarteko ikono horrek hiriaren sektore kulturalean eta turistikoan izan duen eragina ezagutu dute.

Hezkuntzaren alorreko parte-hartzaileen artean nabarmentzekoak dira National Institute of Technologyko (NIT) eta Kyushu eta Kobe unibertsitateetako ordezkariak. Misio horretan, halaber, Europa-Japonia industria-lankidetzarako zentroko, NTT Network Innovation Laboratorieseko, Eyes Japango eta Sako Architects estudioko ordezkariek ere hartuko dute parte.